Nazioarteko erakusketek sektore jakin baten aktibitatearen erradiografia erakusten dute. Halaber, bisita egitea ariketa paregabea da sektore bakar batean lehiatzen duten marka ezberdinek euren identitate korporatiboa nola lantzen duten ikusteko. Ehunka stand altxatzen dira eraikuntza arkitektoniko txikiak balira bezala, estetika, funtzionaltasun eta irudi aldetik norgehiagokan. Eta hortxe dago gero -eta ez garrantzi gutxiagokoa- produktuaren edo zerbitzuaren aurkezpena ere.
Makina-Erramintaren 28. Biurtekoak datorren ekainaren 2an zabalduko ditu ateak. Aukera ona eskaintzen du publizitate munduan mugitzen garenontzat, sormena landu eta emankor mantentzeko. 30 herrialdetako 1.100 erakustokik baino gehiagok hartuko dute parte eta azken edizioan 34.000 bisitaritik gora izan zituen. Termometro ona da gainerako herrialdeetan zer egiten ari diren aztertzeko markaren identitateari eta marketingari begira. Eta baita nazioartekotzea, negozio eredu guztiei atxiki beharreko kontzeptua dela ohartzeko ere.
Bada denbora nazioartekotzea zeregin izatetik obligazio izatera pasa zela. Bai, bederen, basatia den merkatu global honetan biziraun nahi duen ororentzat.
Merkatu berrien sarrera, ezagutzaren demokratizazioa, aurrerapen teknologikoa edota herrialdeen arteko komunikazioa erraztea dira mundua aldatzen joan diren faktoreak. Ondorioz, enpresek beren ekintza eremua zabaldu behar izan dute, mugak zeharkatuz eta merkatuak partekatuz. Jada ez da nahikoa saltzearekin. Nahitaezkoa da esportatzea. Horrek estrategia aldatzea suposatzen du, nazioarteko ikuspuntua barneratuz.
Ez du esan nahi horrek weba eta katalogoak itzultzearekin dena egina dagoela. Komunikazio eta marketing estrategiak egokitzea eskatzen du, saldu nahi den herrialde haietako baloreak, gustuak eta kultura aintzat hartuz. Horretarako garrantzitsua da, noski, atzerriko herrialdeen eta jendearen inguruko ezagupena eta bitartekoak jartzea.
Webaren kasuan, beste aholku interesgarri bat da herrialde bakoitzeko domeinuak eskuratzea eta saldu nahi den herrialde hartan kontratatzea hostinga. Baina hau posizionamenduarekin dago lotuta eta beste post batean jorratuko dugu merezi duen sakontasunarekin.
Bitartean, gure agendetan tarte bat egingo diogu Makina-Erramintaren Biurtekoari, BECera joateko, gure bezeroekin elkartu eta txolarte atsegin bat igarotzeko.