“Oporrak itsasoan” Adaki estilora
Ezagutzen gaituzuenok badakizue izugarri gustatzen zaigula uztailean ahalik eta modurik originalenean agurtzea irailean oporretatik bueltatzen garen arte. Ba, aurten, sosak xahutzea erabaki dugu. Itsas bidaia egitea erabaki dugu. Luxuzko gurutzaldi bat noski. Poltsikoak -ez arimak- hutsik izateko urte osoa dugu eta. Baina guri sukaldeak galeriak baino gehiago gustatzen zaizkigunez, tripulazioaren azalean sartzea erabaki dugu eta etzaulkiak gure bezeroentzat uztea. Gogoan al duzue “Vacaciones en el mar” telesaila? Sekulako remake-a egin dugu guk…
Argazkiak, bideoa eta making of-a ikus ditzakezue gure web gunean.
Egun zalapartatsu batzuk igaro, ertzeko txinoetara hiru buelta egin, bidaia bat eta erdi ganbarara, Carrefourrera beste bat, mesede batzuk eskatu eta sanferminetako praka zuriak lixibarekin hiru bider garbitu ostean, gure bolidoak hartu genituen, markako maletarik gabe, baina plastikozko poltsak goraino beteta genituela.
Ezkio-Itsasotik Donostiara. 45 minutu geroago, Kaiako Pasealekuaz jabetu ginen, estalperik gabeko gure aldagela bihurtuz. Ordurako, gure lagun Esti Ramos lehenengo planoak grabatzen ari zen. Bazetorren 80ko hamarkadako glamourraren ikono eta maitasunaren habia, The Pacific Princess handia. Di-da batean, Catamarán Ciudad San Sebastián-en barruan ginen, Lonely Planetek aholkaturiko jatetxeren batean legatz platerkada bat irentsi eta digestioa ontzian egitea erabaki zuten turisten konpainian.
Zango biak zabalik, lurrari itsatsita geratu nahian, eta ur nahastuen dantzaldiak astindu ez zitzan gure barruak, amen batean grabatu genituen planoak eta eszenak. Termometroek 30ºCtik gora markatzen zuten arren, izerdi patsetan jarri aurretik egin genituen egin beharrekoak.
Aholku bat: ez erosi bi euroz azpitik saltzen dituzten bigote faltsuak. Ez dago itsasteko modurik. Horregatik agertzen da gure barmana gabe, gure attrezzoaren osagai garrantzitsuenetako bat zen arren. Ez zen, ez, scriptaren hanka-sartzerik egon. Itsasgarriak egin zigun huts.
Bidaiari atseginek irribarre konplizeak eskaini zizkiguten. Eguzkitako betaurrekoak ere utzi behar izan zizkiguten. Gure Andoniren aurpegieran ondo antzematen da zaldi bat zorabiatzeko adinako graduazioa zutela!
Ordu erdi baten ondoren, berriro lurrean genituen oinak. Oraingoan, jatetxe batetara joan eta gure bezero guztiengatik topa egiteko asmotan.
Egun borobila.
Adaki Komunikazioak uda zoriontsua opa dizue guztioi!
Irailean ikusiko gara. Besarkada bat.
Gure The Pacific Princess Donostiako Ciudad San Sebastian katamarana izan zen. Bertan grabatu genituen hemen ikus dezakezuen bideorako planoak.
Argazkiak
Telebistako itsasontzirik luxuzkoenaren tripulazioaren azalean sartzea den esperientzia dibertigarria argazkitan jaso dugu. Hemen dituzu irudiak.
Making of
Ikusi nahi baduzu nola ibili ginen aurretik eta errodajean bertan, hemen duzu gure making of. Gerokoa guretzako gordeko dugu.