“WordPress x.x.x eskuragarri dago. Mesedez, eguneratu orain”. Mota honetako ohar baten aurrean, zalantza orokor bat sortzen da: beharrezkoa da eguneraketa egitea? Erantzuna BAI da. Bai behintzat hacker-en erasoak saihestu nahi badira, softwareen edo bugien akatsak zuzendu nahi badira edo erabiltzen den CMS-aren (edukien kudeaketarako sistema) azken eguneraketak egin nahi badira
CMS-ak (WordPress, Joomla, Drupal,Prestashop, Magento…) une oro ari dira garatzen, eta sisteman aldaketak edo hobekuntzak ematen diren aldiro, erabiltzaileen esku jartzen da eguneraketa berri bat.
Dohako sistemak eta libreak direnez, hackeatzeko ere errazak dira, batez ere bertsio zaharkituak, kanpoko erasoen aurrean ahulagoak baitira. Erabiltzen ari zaren bertsioa eguneratzea, ezkutuko kode seguruak erabiltzea eta segurtasun plugin bat erabiltzea dira modurik onenak erasoak ekiditeko.
Azken boladan nabarmen geratu da CMS-en zerbitzarien aurkako erasoak ugaritu egin direla. Horregatik, eta derrigorrezkoa ez bada ere, bertsioak eguneratzen joatea da egokiena, suposatzen baita azken bertsioak direla seguruenak eta babestuenak, eta hoberenak funtzionalitateari dagokionez.
Hala ere, kontuan hartu behar da sistema eguneratzerakoan agian plugin batzuk ez dutela funtzionatuko. Hori gertatuz gero, nahikoa da zein plugin diren ikustea eta horiek eguneratzea. Edo bestela, sistema aktualizatu baino lehen begiratu ea jada instalatuta dauden pluginek bertsio berriarekin funtzionatzen duten edo ez ziurtatu.
Norbait eguneraketa egin izanaren damu izan badaiteke, jakin dezala eguneraketa egin aurretik backup bat egiten badu, aurreko bertsioa berrezarri ahalko duela.
Egokiena beti, aurrez webgunearen kopia bat egitea da, eta eguneraketak kopia horretan egitea.
Garrantzitsuena da jakitea zer galduko dugun eta zer irabaziko dugun eguneraketa eginda. Baina eguneraketa egiteko eskatzen digun oharrari kasurik ez egiteak ondorio oso txarrak izan ditzake.