Krisi kabinetea, zure lankideei, bezeroei eta hornitzaileei egoeraren berri emateko

Kontuan izan: krisi kabinete batek zure lankideei, bezeroei eta hornitzaileei momentuan momentuko egoeraren berri ematen lagunduko dizu. Osasun krisi sakona ari gara bizitzen Covid-19a edo Koronabirusa dela-eta, eta informazioa borborka ari gara jasotzen. Baina, zer nolako informazioa da jasotzen ari garena? Zenbateraino da garrantzitsua komunikazioa krisi egoera batean?

Milaka mezu jaso ditugu azken egunetan komunikabideen eta sare sozialen bidez, emailez, supermerkatuetako itxaron ilaretan, bizilagunarekin balkoitik balkoira hitz egiterakoan… Dena, ordea, ez da informazio zuzena, eta datu okerrak, asmatutakoak, edo alarmak eragindakoak ere iristen zaizkigu. Fake news delakoak, alegia.

Komunikazio plana

Krisi egoera batean komunikazioa oso ondo landu beharreko alorra da. Baina, nola komunikatu modu eraginkor eta egoki batean? Krisi kasuetan, ezinbestekoa da jarduketa plan bat definitzea. Krisi egoera batean komunikazioa azkar, zuzen eta bide egokietatik egitea funtsezkoa da, eta jarduketa planak horretan lagunduko digu. Krisi kabinetea izango da komunikazio plan hori egiteko eta kudeatzeko ardura duena.

Kasuan kasu, komunikazio plana bakoitzaren errealitatera egokitu behar da. Nazioarteko enpresa batek edo tokiko enpresa batek, esaterako ez dute informazio berdina zabalduko. Halakoetan, hartzailea eta publiko objektiboa ondo definitu behar dira.

Gaur egun eskura ditugun komunikazio bideak kontuan hartuta, honela jokatu beharko genuke bizitzen ari garen krisiaren aurrean:

  • Webgunea izango da gure informazio iturri nagusietako bat. Enpresa bat, erakunde bat, denda bat, elkarte bat… ordezkatzen badugu, guri buruzko informazioa webgunean egon behar da. Gure bezeroetako askok bertara joko dute gure egoeraren berri izateko. Fagor Automationek, esaterako, bere webgunean albiste bat publikatu du, Covid19a dela-eta haien jardunaren berri emateko. Bere publikoa (kasu honetan, bezeroak) nazioartekoa denez, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez publikatu du informazioa.

 

Krisi kabinetea, zure lankideei, bezeroei eta hornitzaileei egoeraren berri emateko

 

  • Gure bezeroei newsletterrak edo posta bidezko informazioa bidaltzea ere oso eraginkorra izan daiteke. Asko gara egun hauetan etxetik lanean ari garenak, eta posta elektronikoa eta telefonoa gure komunikazio bide nagusi bihurtu dira. Aprobetxa ditzagun, eta erabili ditzagun gure bezeroekin harremana mantentzeko.Krisi kabinetea, zure lankideei, bezeroei eta hornitzaileei egoeraren berri emateko
  • Sare sozialak atsedenik gabe ari dira eguneratzen, askorentzat informazio iturri zuzena baitira. Gure sektorearen arabera ere, ezinbesteko tresna dira bezeroarengana edo publiko objektiboarengana iristeko. Hastag delakoak erabiltzea oso gomendagarria da, horien bidez intereseko informazioa sailkatu baitaiteke. Hemen adibide bat: Errenteriako Errenkoalde merkatari elkarteak, adibidez, Facebook bidez hainbat mezu zabaldu ditu azken ordu eta egunetan. Bi publikotara zuzendutako mezuak dira: erosleak eta denda zabaldik duten merkatariak.

Barne komunikazioa

Eta publiko objektiboa gure enpresako langileak direnean? Lehentasun guztia izan behar dute, beraiek baitira gure motorra. Horregatik, lehenik eta behin, barne komunikazioa landu behar da. Komunikazio planak kanpo komunikazioa zein barne komunikazioa jaso behar ditu, eta bi aldeak jorratu. Krisi kabineteak biak izan beharko ditu kontuan.

Newsletterrak izan daitezke horretarako tresna interesgarria. Lantegian edo enpresan ez badaude ere, etxean, sakelakoan seguruenik, jasoko dute mezua langileek. Halakoetan ezinbestekoa da newsletterren edukia hartzailera egokitzea, ez baitu zertan berdina izan bezeroei emango zaien informazioa edo langileei emango zaiena.

Enpresan dauden langileekin harremana izateko informazio oholak ere baliagarriak izan daitezke; eta, nola ez, Intranet atalak. Gure enpresako webguneak barne komunikaziorako ezinbesteko tresnatzat izan behar du Intraneta. Hori izango da, sarri, gure langileengana iristeko modurik errazena, eta, batez ere, eraginkorrena.

 

Komunikazioa: lehen mailako beharra

Edonola ere, krisi garaietan (eta krisiz kanpokoetan ere bai) aparteko garrantzia hartzen du komunikazioak. Kaosa nagusitu ez dadin eta alarma egoerak irentsi ez gaitzan, uneoro jakin behar dugu egoera zein den. Denbora errealean datuak jasotzea, plataforma eta komunikazio bide egiazkoak eta fidagarriak izatea eta jarraitzea ezinbestekoa da.

Krisi egoeretan efizientzia muturrera eraman behar da. Komunikazioak berebiziko garrantzia du, eta horretarako prestatuta dauden adituek kudeatu behar dituzte komunikazio bideak, lerroak eta ildoak. Kasu honetan ere jo adituengana, haiek aholkatuko dizute.