Otsuka Pharmaceutical konpainia japoniarrak ilargira jo du publizitatea egiteko. Bere produktuen artean duen Pocari Sweat izeneko edari isotoniko baten potoa bidaliko du Falcon 9 kohetean. Espaziora bidaltzen den historiako lehenengo kohete pribatua izango da Space X-ek proiektu honetarako garatuko duena.
Konpainiak zer egingo duen iragarri orduko, bolo-bolo hasi zen gaia mugitzen sare sozialetan, beraz, kanpaina egin aurretik, helburuak betetze bidean dira. Ez da edozeinek eskura duen aukera, baina publizitatean mugak norberak jartzen dituela erakusten du ekintza honek. Sormenak agintzen du.
Gainera, kanpaina partaidetzan dago oinarrituta. Izan ere, azaldu dutenez, potoaren barruan ez da edaririk joango. Titaniozkoa izango da eta barruan asiatar haur eta gazteen ametsak bidaliko dituzte ilargira. Ikastetxeetan gutunak jasotzen hasiko dira aurki eta gutun horien hautsak sartuko dituzte edariaren latan. Aurreikuspenak betetzen badira, 2015ean utziko dute “Ametsen kapsula” espazioan.