Markak euren publizitate inbertsioak telebistatik online plataformetara ari dira bideratzen. 2020an telebistako publizitate inbertsio globala 28.100 milioi euro jaitsi da eta streaming plataformetan %9,9 hazi da, WARCen ikerketa baten arabera.
adakin gertutik jarraitzen ditugu inbertsio publizitarioen tendentziak, ondoren gure estrategietan txertatzeko. Badirudi telebista lineala jada ez dela erakargarria kontsumitzaileentzat, nahiago baitute erabaki streaming plataformen bidez intereseko ikus-entzunezko edukia zer, nola eta noiz kontsumitu. Ohitura eta teknologia berriek irauli egin dute edukia eskuratzeko eta ikusteko modua. Eta, espero bezala, publizitate-inbertsioa eredu tradizionaletik streaming eta plataforma digitalen mundura aldatu da.
WARCek argitaratutako ikerketa baten arabera, 2020an telebistako iragarkien gastua 28.100 milioi euro jaitsi da mundu osoan. Aldiz, iragarkiak dituen YouTube edo Hulu gisako plataformetan egindako inbertsioa %9,9 hazi da, 22.100 milioi euroraino, eta datozen urteetan gehiago haziko dela aurreikusten da.
Smart TV telebistaren iritsierarekin, gainera, kontsumitzaile asko telebistaren bidez konektatzen dira Internetera eta streaming plataformetara. Ikerketa beraren arabera, 2020an emititutako streamingaren %75a telebistaren bidez kontsumitu zen.
Marka iragarleek gertutik jarraitu dute erabiltzaileen joera, eta euren estrategiak hedabide digitaletara egokitu dituzte. Argi dagoena da ikus-entzunezko edukiaren panorama etengabe aldatzen ari dela, eta badirudi bere etorkizuna arlo digitalean dagoela.
Twitch, telebista tradizionalaren etorkizuna?
Twitch streaming bidezko zuzeneko emanaldietarako plataforma digitala da. Ezin da bertara bideo landurik igo. Goraldi handia izan du 2020an, hainbat faktorerengatik: belaunaldi berrien plataforma digitaletarako tendentzia, konfinamenduan euskarri digitalek hartutako nagusitasuna, Twitchen streamingak egiten hasi diren youtuberren ospea, etab.
Askok diote Twitchek telebista tradizionala ordezka dezakeela entretenimenduari dagokionez; izan ere, eduki informatiboari dagokionez, telebista da oraindik legitimitate gehien duen hedabidea.
Ibai Llanosek 2020ko Urtezahar gauean Kanpaikadak eman zituen bere Twitcheko kanalaren bidez, telebista kate tradizionalekin zuzenean lehiatuz, eta 5.5 milioi ikusle izatera iritsi zen streamingean; gaueko 00:00etan 552.345 erabiltzaile zeuden konektatuta. Horrek esan nahi du jende gehiagok ikusi zituela Kanpaikadak Ibaien Twitch kanalean, adibidez, Cuatro edo LaSexta kateetan baino.
Doritos, ColaCao, Domino’s Pizza eta Movistar bezalako marka ospetsuak izan ziren Ibaien saioaren babesle, honek azken urtean plataforma honetan lortu duen arrakastaren jakitun izanik.
Zuzeneko entretenimendua kontsumitzeko modu berri honen bilakaera ikusteko dago oraindik, eta gertutik jarraitu beharko dugu hedabide tradizionaletatik digitaletara aldatu den publizitate-inbertsioaren etorkizuna.