Sofan eserita, lasai, erabat harrapatuta zauzkan telebista seriea ikusten ari zara. Afal ondorena da, eta hara non protagonistak sukaldeko armairutik marka ezagun bateko gaileta paketea ateratzen duen. Adi zaude zer kontatzen dion alboan duen kideari, eta bapatean… “gustura jango nituzke ba nik ere orain gaileta batzuk!”, pentsatzen duzu. Akabo. Hurrengoan erosketak egitera joandakoan han izango duzu zain gaileta paketea.
Zu gustura joango zara etxera, seriea gailetak janez ikusiko duzula pentsatuz. Eta gaileta saltzailea ere pozik egongo da. Lortu du helburua, iragarki gogaikarririk ikusi arazi gabe lortu du zuk bere produktua gogoan izatea. Product Brand Placement deitzen zaio horri: gune multimedia batean aurrez ordainduta marka jakin bateko produktua eszena jakin batean agertu eta marka horrek merkatuan duen posizionamendua handitzea.
Apple etxea da praktika hau gehien erabiltzen duen marketako bat. Ikea, Nike edo Visa-k ere sarri jotzen dute hau egitera. Helburua ez da zuzenean salmentak igotzea. Markari prestigio gehiago ematea baizik, erosleak gehiagotan kontuan izan dezan. Markaren izena kontsumitzailearen burbuinean sartzen da, marka hori erostera behartuta dagoela sentitu gabe.
Colhogar etxeak ere egin du saiakera Adakiko kideon artean. Amaitu da komuneko papera eta hara non geratu den kartoitxoa zintzilik. Handian ikusten da markaren izena, hurrena komunean sartuko denak nabarmen ikusteko moduan. Papera erostera joandakoan, baina, gogoratuko ote gara momentu honetaz? Ikusi egin behar!