Jakina da bilatzaileei jaten eman behar zaiela gure weba edo bloga ondo posizionatzeko. Zer esan nahi du horrek? ezinbesteko baldintza dela webeko edukiak eguneratzea Google-ek aintzat hartzeko eta bilaketa emaitzetan aurre hartzeko, webaren trafikoa handitzeko, hain zuzen.
Behin edukiak lantzea erabakitakoan, ordea, beste galdera bat ateratzen da. Non argitaratu? Webgunean zintzilikatu eta linka jarri sare sozialetan edo zuzenean sare sozialetan zintzilikatu edukiak?
Horrelako zalantzak argitzeko edukien estrategia bat lantzea ezinbestekoa da, hainbat faktore aztertu behar baitira. Esaterako, jarraitzaile kopurua edo edukiaren helburua.
Weba eta sare sozialak osagarriak izan behar dute.
Ohiko errorea da sare sozialak elikatzea eta weba/bloga alde batera uztea. Zergatik? errazagoa eta azkarragoa delako Facebooken edo Twitterren argazki bat edo bideo bat zintzilikatzea testu labur batekin, webeko albisteen atala edo bloga eguneratzea baino.
Hori egitearekin sekulako aukera galtzen dugu webeko trafikoa igotzeko.
Mugikorra gainean izanda, sare sozialak di-da batean, momentuan, elikatzen dira askotan. Ganorazko testu bat idazteak, ordea, gauzak patxada gehiagorekin hartzea eskatzen du. Baina weba optimizatzeko modu bakarra da.
Webaren erabiltzaile kopurua altxatzeko sare sozialak dira aliaturik onenetarikoak, beti ere, erabiltzailea sare sozialetatik webera zuzentzen bada. Zer egin:
Edukia zintzilikatu webgunean eta sare sozialetan izenburu edota deskribapen labur-labur bat sartu webeko edukiaren linkarekin, interesa pizten saiatuz erabiltzaileak klik egitera animatzeko.
Sare sozialetan beti egon behar du linka webeko atalen batera!
Modu horretan, sare sozialak bigarren helburu bat betetzeko aprobetxa ditzakegu, webeko trafikoa indartzeko, alegia. Harri batez bi kolpe egiten dira.
Sare sozialak amu gisa erabili behar dira weba indartzeko orduan, sareetako jarraitzaileak webgunera zuzenduz. Informazio guztia sareetan argitaratzen bada eta ez bada webera loturarik agertzen, zailagoa da webean erabiltzaileak gehitzea. Are eta zailagoa, bilatzaileetan posizionamendua hala moduzkoa baldin bada.
Noiz du zentzua sare sozialetara mugatzea?
Proiektua denboraldi baterako denean. Hasiera eta amaiera data duen proiektu batean, badu zentzua zuzenean sare sozialak erabiltzea edukiak zabaltzeko.
Aldiz, proiektuaren ibilbidea luzera begira bada, webak izan behar du oinarria, bertan bilduz eduki guztiak. Sare sozialetako edukiak galtzen joaten dira denboraren poderioz. Produktuak edo zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa batentzat webak izan behar du euskarri nagusia.
Eraginkorrena da sare sozialetatik erabiltzaileak webera bideratzea. Eta behin webgunean, adi!, edo eduki interesgarria eskaintzen zaio berriro bueltatzeko edo call to action bat egon behar du, erabiltzailea bultzatzeko produktu bat erostera, harremanetan jartzera, edukia konpartitzera…
Jakin behar da, nola ez, zer nahi den lortu webean trafikoa lortzearekin. Helbururik ez badugu, ez dugu jakingo interesatzen zaigun erabilera ematen sare sozialei eta webari.
Hori bai, kontuz ibili behar da webean eta sareetan eduki berdin-berdina ez argitaratzearekin, edukiak bikoiztea suposatuko lukeelako eta hori Google-ek gogor zigortzen du.
Finean, garrantzitsua da weba ez alde batera uztea. Sare sozialek eragin handiagoa dutela ikusi arren edota informazioa errazagoa zabaldu arren, elkarri lagunduz gero, emaitzak askoz ere interesgarriagoak izango dira.
Google Analytics
Google Analytics-en berehala ikus daiteke nor heldu den webera sare sozialen bitartez. Interesgarria da aztertzea.